XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), eta nola ez baitzuen kasik deusetako balio ere Errepublikan, gutitan kontuan hartua izaten zen.

Horra zein izan ziren populu erromatarraren zatiketa desberdinak.

Ikus dezagun horiek biltzarretan zer ondorio zuten.

Legitimoki deituak zirenean komizio deitzen ziren biltzar horiek.

Komunzki Erromako plazan edo Martitzen Zelaian egiten ziren, eta kuria komizioak, zenturia komizioak, eta tribu komizioak bereizten ziren haietan, zein eratan biltzeko manatuak ziren.

Kuria komizioak Romulok eratu zituen, zenturia komizioak Serviok, tribu komizioak populuaren tribunuek.

Ez zen legerik onesten, ez magistraturik hautesten komizioetan baizik, eta nola ez baitzen herritarrik edo kuria batean, eto zenturia batean, edo tribu batean ez zenik, ez zen hiritarrik bozkatzeko eskubiderik gabe zenik.

Halatan erromatar populua egiazki subirano zen, eskubidez eta egitez.

Komizioak legitimoki bilduak izan zitezen, eta han hartu erabakiek legearen indarra izan zezaten, hiru baldintza bete behar ziren: lehenak zioen, komizioa deitzen zuen gorputzak edo magistratuak horretarako ahalmena izan behar zuela; bigarrenak, legearen arabera horrelako biltzarrak haizu ziren egun batean egin behar zirela; hirugarrenak, augurek alde agertu behar zutela.

Lehen erregelamenduaren arrazoinak ez du gehiagoko esplikaziorik behar.

Bigarrena, antolamendu kontua da soil-soilik; horrela komizioak ezin egin zitezkeen feria edo merkatu egunetan, egun horietan Erromara joaten ziren baserriko jendeek eguna herriko plazan emateko astirik ez baitzuten.

Hirugarren baldintzari esker, Senatuak populu fier eta bizi-bizi bati hedeak labur atxikitzen zizkion, eta tribunu oldarkorrei garra epeltzen ere behar orduan; hauek, haatik, poxelu horien kentzeko bide bat baino gehiago aurkitu zuten.

Legeak eta buruzagi hauteskundeak ez ziren komizioen jujamendutik iragaten ziren pundu bakarrak.